Skip to main content

Aurrekontua 3.627.435 eurokoa izanik eta Interreg Poctefa programa europarraren markoan Europar Batasunaren laguntzarekin finantzatuta, aurtengo urtarrilaren 1ean hasi zen Uramuga proiektua, mugaz gaindiko lankidetzaren eredua, eta kasu honetan uraren kudeaketa bateratze‑lokarri gisa eta mugaren bi aldeetako udalen eta entitateen helburu gisa.

Proiektuaren parte dira Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko mugaz gaindiko eskualdeetako saneamenduaren eta edateko uraren kudeaketan eskudun diren erakunde publikoak: Servicios de Txingudi – Txingudiko Zerbitzuak S.A., NILSA (Navarra de Infraestructuras Locales S.A.), Communauté d’Agglomération Pays Basque (CAPB, Iparraldeko 158 udalerri batuz) eta Bera, Lesaka, Baztango Bailara, Urdazubi y Luzaideko Udalak.

Kide dira ere, finantzaketarik gabe bada ere, Uraren Euskal Agentzia (URA), Confederación Hidrográfica del Cantábrico, L’Agence de l’EAU Adour-Garonne eta  Département des Pyrénées Atlantiques,

Bidasoa, Nivelle eta Nive

Proiektuaren aurkezpen ofiziala atzo egin zen Txingudiko Zerbitzuak Atalerrekan dauzkan instalazioetan. Bertan azaldu zuten Uramugak uraren zikloaren kudeaketa jasangarria eta gobernantza bateratua sustatuko dituela Bidasoa, La Nivelle eta La Nive ibaien mugaz gaindiko arroetan.

Uraren zikloaren kudeaketaren hobekuntzak aipatutako zonaldeetan hiru norabideetan burutuko dira. Alde batetik, gobernantza modeloa hobetzea eta ekintza bateratuen marko bat ezartzea mugaz gaindiko eremu bateko uraren kudeaketari dagokionez, marko administratibo eta juridiko ezberdinak izanda.

Era berean, momentu zehatzetan arazoak sortzen dituzten mugaz gaindiko lurraldeko puntu ezberdinetako (marea biziak, eurite gogorrak, etab.) saneamendu‑sistema partekatuak zaharberritzea.

Eta, azkenik, uraren arrazoizko erabileraren sustapena, baliabide murriztu eta bizitzarako beharrezkoa denez gero. Uramugaren sustatzaileek ulertzen dute «arrazoizko erabilera hori inoiz baino garrantzitsuagoa dela sistema ekonomiko jasangarria eraikitzeko, eta ura berebiziko baliabidea da biztanleentzat eta aktibitate ekonomikoek ere behar dutela».

Gizartearen aurrerapena

Atzo Igor Enparan‑ek, Hondarribiko alkateak, egindako aurkezpenean, azpimarratu zuen «urte askotan zehar, mendeak ere, ura izan dela herrialdeen arteko muga eta gatazken iturri. Baina orain komunitate‑proiektu bat dugu, eta mugaz gaindikoa, zeinak biztanle askori zerbitzua emango dien. Pozteko moduko erakunde askoren arteko lorpena da, gizartearen aurrerapenen adibide».

Bere aldetik, Cristina Laborda-k, Irungo alkate eta Txingudiko Zerbitzuetako Mankomunitateko presidenteak, adierazi zuen «Bidasoaren bi alboetako erakundeen arteko elkarlaneko proiektu berri bati ekiten diogula, ibai hori izan baita beti muga markatu duena, eta oraingoan elkarlan bat partekatzeko aukera ematen digu»

Labordak gogorarazi zuen «Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitateak aurretik ere parte hartu duela uraren kudeaketarekin erlazionatutako mugaz gaindiko proiektuetan, baita Joncaux-en, Hendaian, bildutako uren kasuan ere, gure instalazioetan tratatzen direnak. Mugaz gaindiko lankidetza errealitate bat da gure egunerokotasunean eta inoiz baino garrantzitsuagoa da, dauzkagun inguruneko erronkei erantzuna emateko».

Leave a Reply