Skip to main content

POCTEFA 2021-2027 programak finantzatutako URAMUGA Europako lankidetza-proiektuak urrats erabakigarria eman du bere gauzatze-aldiko azken fasera bidean, partzuergoaren bi bazkidek bi azterlan tekniko funtsezko abiatu baitituzte: NILSAk (Navarra de Infraestructuras Locales S.A.), proiektuaren buruzagi gisa, eta Hirigune Elkargoa erakundeak. Azterlan horiek zortzi hilabeteko epean amaitu beharko dira. Nafarroako aldean, azterlan batek Dantxarinea–Ainhoa artean partekatzen den saneamendu-sarea nola hobetu baloratuko du; eta Frantziako aldean, edateko uraren interkonexio posibleak aztertuko dira Frantzia eta Espainiaren artean.

NILSAk eta Hirigune Elkargoak URAMUGAren esparruan jarduketa berriak abiatu dituzte mugaz gaindiko saneamendu-sistema partekatuak eta edateko uraren horniduraren kudeaketa hobetzeko. Bi azterlanen hasierak —saneamendu-sistema partekatuaren gaitasun hidraulikoa hobetzeko alternatibei buruzkoa eta eskuragarri dauden baliabide hidrikoenei buruzkoa— baieztatzen du proiektua erabat prest dagoela 2026an, programaren azken urtean, bere ezarpena bizkortzeko.

URAMUGAk helburu du uraren ziklo integralaren kudeaketa partekatua hobetzea Nafarroa, Euskadi eta Akitania Berriko mugaz gaindiko eremuetan; bertan saneamendu-azpiegitura komunak eta baliabide hidriko mugatuak daude, eta horiek konponbide bateratuak behar dituzte.

NILSAk azterlan estrategiko bat abiarazi du Dantxarinea–Ainhoan saneamendu-sare partekatua hobetzeko

NILSAk martxan jarri du “Dantxarineako mugaz gaindiko eremuko saneamendu-sare partekatua hobetzeko alternatibak” azterlana, eremu horri gaur egun eragiten dioten arazo hidrauliko eta ingurumenekoak konpontzeko xedea duen azterketa sakona; adibidez, euri-aldietan Nivelle ibaira gertatzen diren gainezkatzeak.

Azterlanak —bederatzi hilabeteko iraupena aurreikusita duena eta Hirigune Elkargoarekin eta Urdazubiko Udalarekin lankidetzan garatua— honako hauek barne hartuko ditu: dagoen saneamendu-sarearen modelizazio hidraulikoa, 2012tik martxan dagoen Ainhoa Dantxariako araztegiaren (EDAR) modelizazioa, eszenarioen eta hobekuntza-alternatiben ebaluazioa, eta hautatutako irtenbidearen aurreproiektu teknikoa egitea.

Jarduketak aukera emanen du saneamendu-sistemaren bilakaera-esparrua epe ertain eta luzera definitzeko, gaitasun hidraulikoa optimizatzeko, jarduketak planifikatzeko eta indarreko araudiarekin bat datorren zerbitzua bermatzeko.

Hirigune Elkargoak Frantzia eta Espainiaren arteko edateko uraren interkonexio posibleei buruzko azterlan bat hasi du

Bestalde, Hirigune Elkargoak azterlan bat abiatu du mugaren bi aldeetako edateko uraren sareen interkonexio aukerak ebaluatzeko; beharra 2022ko lehorte-aldien ondoren eta 2040ra begirako segurtasun hidrikoaren aurreko azterlanaren ondoren identifikatu zen.

Egindako azterlanean aurreikusitako edateko uraren interkonexio-puntuak hauek dira: Biriatou / Irún; Urrugne / Bera; Sara / Zugarramurdi; Arnéguy / Valcarlos.

Zortzi hilabeteko iraupena izanen duen azterlanak honako hauek barne hartuko ditu: udalerri desberdinetan eskuragarri dauden datu teknikoen bilketa eta analisia —altuerak, hodien diametroak, sareen eta biltegien gaitasunak eta egoera, besteak beste—, baita hainbat landa-bisita ere, balizko lotuneak eta dauden mugak identifikatzeko. Gainera, bilkurak eginen dira interesa duten Espainiako udalekin ere —ur eskasiako egoerek haiei ere eragiten baitiete—, haien beharrak integratzeko eta interkonexio aukerak elkarrekin ebaluatzeko.

Emaitzek interkonexioaren bideragarritasuna baieztatzen badute, CAPBk aurreikusten du ondoren azterlan zehatzen eta obren fase bat hastea, bi lurraldeen artean elkarri laguntzeko sistema bat ezartzeko, hausturen, akatsen edo lehorteen kasuan hornidura bermatzeko gai izanen dena.

Mugaz gaindiko proiektu bat, 2026 erabakigarri baterako prestatzen dena

URAMUGAk Nafarroan, Euskadin eta Akitania Berrian saneamenduaren eta uraren horniduraren arduradun diren zortzi bazkide instituzional biltzen ditu: NILSA, CAPB, Txingudiko Zerbitzuak eta Nafarroako Bera, Baztan Harana, Lesaka, Urdazubi eta Luzaide/Valcarlos udalerriak. Elkarrekin lan egiten dute gobernantza partekatua hobetzeko, saneamendu-sistema komunak indartzeko eta mugaz gaindiko eremu osoan edateko uraren horniduraren segurtasuna bermatzeko.

Bi azterlan horien abiarazte simultaneo honek erakusten du partzuergoa lerrokatuta eta prest dagoela 2026an, proiektuaren azken gauzatze-urtean, ezarpenaren erritmoa areagotzeko, eta jarduketek eragin zuzena izanen dutela jasangarritasunean, erresilientzian eta auzoko lurraldeen arteko lankidetzan.