Skip to main content

Euskal Elkargoak ostegun honetan aurkeztu ditu Urruñan, mugaz gaindiko ur edangarri eta ur zikin sareen interkonexioaren inguruan burutu ikerketaren emaitzak. Ikerturiko lau sektoreetatik, hiruk egiazko potentzial bat dute: Irun-Hendaia, Arnegi-Luzaide eta Sara-Zugarramurdi. Lankidetzako proiektu zehatzak marrazten dira mugaldeko biztanleen ur-hornidura hobeki babesteko, klima aldaketaren aitzinean.

2022ko idorteak behar bat agerian utzi zuen: mugaren bi aldeetan, zenbait herri ur-baliabide ahulen mende dira, eta haien ondoko herriek, aldiz, ura eskuragarri dute hortik metro gutxitara. Horregatik, URAMUGA Europako proiektuaren baitan, Interreg POCTEFA 2021-2027 programak finantzatuta, Euskal Hirigune Elkargoak azterlan bat abiatu zuen 2025 bukaeran, mugaren bi aldeetan ur-sareak lotzeko aukerak identifikatzeko. Helburua da lurraldeek elkarri lagundu ahal izatea idorte, sarearen moztura edo bestelako gorabeheren kasuan.

Zortzi hilabetez, talde teknikoek datuak bildu dituzte, ustiatzaileekin batera landa-bisitak egin dituzte eta simulazio hidraulikoak garatu dituzte, Nafarroako, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Ipar Euskal Herriko udal eta erakunde kudeatzaileekin elkarlanean.

Ostegun honetan, Urruñako Elkargoaren Etxean, emaitzak aurkeztu zaizkie mugaz gaindiko herriko etxeetako auzapezei eta hautetsiei, baita NILSA, Nafarroako Gobernua, Servicios de Txingudi, Confederación Hidrográfica del Cantábrico eta URA agentziako ordezkariei ere. Ondorioek hiru eremutan irtenbide errealistak badirela erakusten dute. Orain, partaideek lehentasunezkotzat jotako proiektuak urratsez urrats abiaraziko dituzte. Lanak finantzatzeko, POCTEFA 2028-2034 programaren laguntza eskatzeko asmoa dute.

URAMUGA, urak ez du mugarik ezagutzen

2024ko urtarrilean abiatu zen URAMUGA, hiru urte eta erdiko iraupenarekin. 3,6 milioi euroko aurrekontua du, eta horren %65 Europar Batasunak finantzatzen du Interreg POCTEFA 2021-2027 programaren bidez. Proiektuak uraren kudeaketan eskumena duten zortzi erakunde biltzen ditu Nafarroan, Euskadin eta Akitania Berrian: NILSA (Nafarroako Gobernuaren agentzia eta proiektuaren buru dena), Euskal Hirigune Elkargoa, Servicios de Txingudi eta Nafarroako Bera, Baztan, Lesaka, Urdazubi eta Luzaide udalerriak. Elkarrekin, uraren zikloaren kudeaketa partekatua hobetzen ari dira mugaz gaindiko eremu honetan.

Irun eta Hendaia: lehendik dagoen lotura berriz martxan jartzea

AP-8/A63 autobidearen zubiaren azpitik, Biriatun, bi hiriak lotzen dituen hoditeria zahar bat pasatzen da. Endarako urtegia eraiki aitzin, ura Hendaiatik Irunera eramateko erabiltzen zen. Gaur egun, egoera irauli da: Irunek baliabide handiak ditu urtegi horri esker, eta hornidura segurtatzeko beharra Hendaiak du orain. Azterlanak hoditeria berritzea eta Biriatun ponpaketa-estazio bat eraikitzea proposatzen du. Horrela, bi hiriek egunean hainbat mila metro kubiko ur trukatu ahal izango lituzkete, bi noranzkoetan. Ur-eskasia gertatuz gero, Irunek Hendaiako ur-beharren erdia baino gehiago estali ahal izango luke. Azterlanaren arabera, irtenbide horren interesa «estrategikoa» da.

Arnegi eta Luzaide: ura eta saneamendua partekatzea

Arnegi eta Luzaide ia lurralde bakarra dira, eta bi herrietako hautetsiek elkarlanerako ohitura handia dute. Luzaideko iturburuak ahulak dira garai lehorretan. Arnegin, aldiz, Giltxurin iturburuak behar dena baino ur gehiago ematen du. Bi lotura egin litezke sareen artean: Ondarrola auzoa eta Luzaideko herrigunea lotuz, batetik, eta Arnegiko herrigunea eta Pekotxeta auzoa lotuz, bestetik. Lotura horiei esker, Arnegik Luzaideko herriguneak kontsumitzen duen uraren heren batetik erdia baino gehiagora arte hornitu ahal izango luke egunero, eta Pekotxetako beharrizan guziak estali. Bestalde, obra berak Ondarrola auzoko etxebizitzak Luzaideko araztegira konektatzeko aukera emango luke. Gaur egun, etxebizitza horiek ez dira saneamendu kolektiboko sarera lotuak.

Sara eta Zugarramurdi: larrialdiko aterabide bat Zugarramurdirentzat

Zugarramurdi idorte garaian emaria anitz txikitzen zaien iturburuen mende dago. Sarak baliabide handiagoak ditu, baina agorraldi gogorretan bere iturburuen emariak ere oso kritikoak izaten dira. Halakoetan, Senpereko Herburua ekoizpen-guneak hornitzen eta laguntzen du Sara. Horregatik, 1,5 kilometro inguruko hoditeria batekin eta presioa handitzeko estazio batekin, Sarak egunean 180 m³ ur bidali ahal izango lizkioke Zugarramurdiri. Horrek herriaren ur-behar guziak asetzea ahalbidetuko luke larrialdi egoeran.

Horrez gain, azterlanak ur-erreserba bat identifikatu du Sarako harrobiaren inguruan, bi udalerrietatik hurbil. Datorren urtetik aitzina ikerketa zehatzagoak egingo dira aukera horren bideragarritasuna ebaluatzeko.

Aitzitik, Beran azterlanak erakusten du 7 eta 11 kilometro arteko hoditeria ezarri beharko litzatekeela, gainera erliebe zaileko eremu batean, ur-sareak lotzeko. Irtenbide hori garestiegia litzateke eskainiko lukeen zerbitzuaren aldean, eta, beraz, ez da oraingoz lehenetsi. Bien bitartean, Berako Udalak bere edateko uraren sarea modernizatzen eta segurtatzen jarraitzen du.