Skip to main content

URAMUGA proiektuak NAVARREFA 2021-2027 ekimenaren amaierako ekitaldian parte hartu zuen azaroaren 16an, astelehena, Iruñeko Baluarten. Nafarroako Gobernuak antolatu zuen, Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren bidez. Jardunaldiak erakusazoka eta eztabaidagune formatua izan zuen, eta Nafarroako eragileek parte hartzen duten Interreg POCTEFA 2021-2027 programako 85 proiektuak bildu zituen. 250 pertsona baino gehiagok eman zuten izena.

«Mi POCTEFA en 1 minuto» saioan, José Chérrezek, proiektuaren buru den NILSAkoak, URAMUGA aurkeztu zuen, baita bazkide guztiek Nafarroa, Gipuzkoa eta Iparraldearen arteko mugaldean uraren zikloa elkarrekin hobeto kudeatzeko egiten dituzten ekintzak ere. Besteak beste, honako hauek nabarmendu zituen:

  • partekatutako saneamendu-sareetako obrak, ibaietara isurtzen den uraren kalitatea hobetzeko;
  • NILSAk eta Euskal Hirigune Elkargoak egindako azterlanak, bereziki Frantziaren eta Espainiaren arteko edateko ur-sareen interkonexioari buruzkoa;
  • uraren mugaz gaindiko gobernantza eraikitzea;
  • herritarrak sentsibilizatzeko ekintzak, hala nola Komunen Mundu Egunaren harira azaroaren 19an eta 20an mugaren bi aldeetan antolatutako ate irekien jardunaldiak.

Nafarroako Gobernuko presidenteorde Ana Ollok ireki zuen jardunaldia. Mahai-inguruak ere izan ziren, POCTEFAren etorkizunaz 2028-2034 Urte Anitzeko Finantza Esparruan eta Pirinioetako mugaz gaindiko lankidetzaz. Gainera, Nafarroako 85 proiektuen katalogoa banatu zitzaien bertaratutakoei, URAMUGA barne.

URAMUGArentzat aukera ona izan zen erakusteko lurralde mugakideen arteko lankidetzak erantzun zehatzak ematen dizkiela partekatutako erronkei, hala nola uraren kalitateari, hornidura bermatzeari eta klima-aldaketara egokitzeari.

Urak ez baitu mugarik ezagutzen.