Skip to main content

Azaroaren 16tik 22ra, Saneamenduaren Munduko Egunaren (azaroaren 19a) inguruan, NILSAk, Euskal Hirigune Elkargoak (CAPB) eta Txingudiko Zerbitzuek, URAMUGA proiektuko bazkideek, tailerrak, azalpenekin lagundutako bisitak eta ate irekiak eskainiko dituzte mugaren bi aldeetan. Asteburuan, instalazioak jende orokorrarentzat ere zabalduko dira.

Egunero erabiltzen dugun ura ez da muga administratiboetan gelditzen: mugaren alde batean bildutako hondakin-uren zati bat bestean arazten da. Lan hori ezagutarazteko, kudeaketa partekatu hori gauzatzen den instalazioak zabaltzen dizkiogu jendeari, URAMUGA proiektuaren esparruan.

Jende orokorrarentzako egutegia

NoizNonNork
Azaroaren 20a, ostirala, 16:00–18:00Saint-Pée-sur-NivelleCAPB, izen-ematea beharrezkoa
Azaroaren 21a, larunbata, 10:00–14:00Berako araztegiaNILSA, izen-emate beharrik gabe
Azaroaren 22a, igandea, 10:00–14:00Oharritzeko araztegia (Baztan)NILSA, izen-emate beharrik gabe
Azaroaren 22a, igandea, 9:00–12:15 edo 11:15–13:45Hondartza (Hondarribia) eta AtalerrekaTxingudiko Zerbitzuak, izen-ematea beharrezkoa

Zabalduko diren instalazioak

NILSA: Bera eta Oharritz (Baztan). Larunbatean Beran eta igandean Oharritzen, araztegiek ateak irekiko dituzte 10:00etatik 14:00etara, aldez aurretik izena eman beharrik gabe. Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira.

CAPB: Saint-Pée-sur-Nivelle. Azaroaren 20an, ostiralean, 16:00etatik 18:00etara, araztegia eta edateko ur-lantegia bisitatu ahal izango dira. Bisitak azalpenekin lagunduak dira: ordubete behar da gune bakoitzeko, hau da, bi ordu bi guneak bisitatzeko. Frantsesez edo euskaraz eskainiko dira, euskarazkoa izen-emate kopuru nahikoa izanez gero. Lekuak mugatuak direnez, izena eman behar da.

Txingudiko Zerbitzuak: Hondarribia eta Atalerreka. Azaroaren 22an, igandean, bisita gidatu batek urak erabili ondoren egiten duen ibilbidea jarraituko du, saneamenduak osasun publikoa eta ingurumena babesteko duen garrantzia ulertzeko. Parte-hartzaileek Atalerrekako araztegian tratamenduaren faseak ezagutuko dituzte, eskualdeko hondakin-uren bilketatik arazketara arte. Konturatuko dira, halaber, komunetik edo hustubidetik behar ez bezala botatako hondakinek eragiten dituzten arazoez, arazketa zailtzen baitute eta ingurumenari kalte egiten baitiote. Bi tarte eskaintzen dira:

  • 9:00–12:15: Hondartzako ponpaketa-estazioa eta Atalerrekako araztegia;
  • 11:15–13:45: Atalerrekako araztegia.

Jarduera doakoa da eta lekuak mugatuak dira. Joan-etorria autobusez egingo da. Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira.

Ikastetxeentzako eskaintza

Jardunaldi hauek ikasleei ere zuzenduta daude:

  • NILSAk azaroaren 16tik 20ra tailerrak eskaintzen ditu Igantzin, Lekarotzen eta Beran («Ura jokoan», ibaiaren azterketa…).
  • CAPBk azaroaren 19an eta 20an hartuko ditu Nivelle ibaiak zeharkatzen dituen herrietako Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasgelak, m.tellechea@communaute-paysbasque.fr helbidean izena emanda.

Jardunaldi hauen helburuak

URAMUGAren bazkideek honakoa nahi dute:

  • mugaren bi aldeetan saneamenduak nola funtzionatzen duen hurbiletik ezagutaraztea;
  • etxean erabilitako ura zergatik arazten ahal den auzoko herrialdean azaltzea;
  • sareak eta natura-guneak babesten dituzten keinuei buruz sentsibilizatzea, hala nola zapitxorik, olioak edo beste hondakinik ez botatzea hustubidetik.

Herritarrak gonbidatzen ditugu topaketa hauetan parte hartzera, konpartitzen dugun ura eta elkarrekin nola zaintzen dugun hobeto ezagutzeko.

Saint-Pée-sur-Nivelleko izen-ematea (CAPB): https://uramuga.com/puertas-abiertas-uramuga/
Atalerrekako eta Hondartzako izen-ematea (Txingudi): https://txinzer.eus/es/dia-del-saneamiento/
Egitarau osoa: https://uramuga.com/cuidemos-agua/

URAMUGA Interreg POCTEFA 2021–2027 programaren mugaz gaindiko lankidetza-proiektua da, Nafarroan, Euskadin eta Akitania Berrian uraren ziklo osoaren kudeaketa hobetzeko. Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF) kofinantzatua.